Blogeko sarrera

AMALURRA elkarrizketa

2016ko urriak 14
admin
Iruzkinik ez

ITURRIA: http://www.diariovasco.com/alto-urola/201511/20/amaia-diaz-monasterioguren-dietista-20151120005306-v.html

Amaia Diaz de Monasterioguren: «Amalurrak opariak ematen dizkigu gure beharren arabera»

AMAIA DIAZ DE MONASTERIOGUREN, DIETISTA ETA NUTRIZIONISTA, Herri eskolako menuak egokitzen ditu, Bertatik Bertara proiektuan barne, baserritarrekin harreman zuzena izanez

Bertatik Bertara proiektuan parte hartzen du Ezkio-Itsasoko Herri Eskolak azaro hasieratik (2015). Egunero hamalau bat haurrek bazkaltzen dute Topa Tabernako jatetxean, bertako baserritarrek ekoiztutako produktuak erabiliz, Amaia Diaz de Monasteriogurenek menuak landu eta Aitor Mujika sukaldariak prestatzen dituelarik. Kate hau guztia eta proiektuaren garrantzia eta helburuak hobeto ezagutzeko Amaia Diaz de Monasteriogurenekin hitz egin nahi izan dugu.

-Zergatik Bertatik Bertara proiektua?

Jaten duguna gara, eta bizi gara bizi garen tokian, Euskal Herriko Gipuzkoako ingurumen honetan; eta ingurumen honetan bizi den jendeak bere lurrarekin eta jaten duenarekin konektatzen du. Hauxe da Bertatik Bertara proiektua: garaian garaikoa jatea. Garai bakoitzean produktu batzuk daude. Alde batetik basikoak ditugu, urte guztian daudenak: ogia, esnea… Baina, barazkietan eta frutatan garaiak daude eta batzuetan hauekin erlazioa galduta daukagu eta urte osoan zehar produktu berdinak jaten ditugu. Nire papera dietista-nutrizionista moduan inguruko jendeari, haurrei kasu honetan, garaian dauden produktuak jan behar direla erakustea da.

-Zein produktu erabiltzen dituzue momentu honetan?

Orain udazkenean gaude eta barazki barietatea oso handia da: aza, azalorea, brokolia… Oraindik udako uztako produktuak dauzkagu: kalabazak, piperrak, tomateren bat… Orduan hondar horiek beste era batera sukaldatuta aprobetxatzen ditugu, zopak, labean egindako produktuak… gure gorputza prestatzen ari da eta gauza beroak behar ditu. Momentu honetan gorputzean lan asko egiten ari diren organoak birikak eta hesteak dira, eta negura begira lan asko egingo dutenak giltzurrunak izango dira. Honen arabera, Amalurrak opariak ematen dizkigu. Gure gorputza lur honetara prestatuta dago eta lur honek osaketak ematen dizkigu, ondo sentitzeko eta osasuntsu egoteko frutak eta barazkiak. Hori lantzen gabiltza.

-Zein produktu izango lirateke oinarrizkoak?

Neretzako oinarrizko produktu batzuk daude, elikaduraren piramidean daudenak; hor kokatzen da ogia. Ogia sinbolo bat da, gure amonak ogi pusketa bat lurrera erortzen zenean hartu eta laztandu egiten zuen… Ogi horri errespetua galtzen gabiltza. Zortez, Ezkio-Itsasoko eskola txikian denbora asko dabiltza ogi hori jolas orduetan ematen. Gu eguneroko bazkarietan ere ogia ematen hasi gara. Ogia da energia, ogia da gasolina bat, oso erredura ona daukana. Ez du beste osagairik: ura, legami ama, gatza apurtxo bat eta ale txiki edo zereal bat kalitatekoa. Eta hori galtzen gabiltza ia leku guztietan. Hona, Topa Tabernara, etorri eta ogia erosten dut, bertakoa, Ezkio-Itsason egindakoa, etxera eramateko. Etxetik hasi behar da elikadura hau sustatzen, nire hiru umeekin, eta ogia egun batetik bestera ez da hondatzen, bi edo hiru egun iraungo du lasai asko eta honek asko esaten du. Beraz, oinarrian ogia egongo lirateke, jatordu guztietan. Gero olioa daukagu. Olioa senda-efektua duen produktu bat da, koipe bat. Oliba olioa kasu honetan erreduretarako, janaria prestatzeko tenperatura gehien irauten duena da. Bertatik Bertara produktuak bultzatzen gaudenez, inguruan daukagun olioa erabiliko dugu: Nafarroakoa edo Arabakoa.

-Nola antolatzen zarete?, baserritarrekin harreman estua duzue?

Bertako produktuak aprobetxatzen gabiltza, eta erlazioa sortzen bertako baserritar, nekazari… lehen sektorean dauden langile horiekin, ahaztuta izan ditugunak eta asko eskertzeko dauzkagunei. Hauei esker, haziak gorde egin dira eta urte askotan ahaztuta izan dugun produktu hori berriro ere berreskuratzeko aukera izan dugu. Astero elkartzen gara hauekin, beraiek ekartzen dituzte dauzkaten produktuak eta horren arabera menuak egiten ditugu, gure haurrei era erraz batean, goxo batean eta sinple batean produktu hori eskaintzeko. Baina nik, Amaia bezala, uste dut etxetik mugimendu bat hasi behar dela egiten, norberaren etxetik, eskaera bat egiten eta baloratzen produktu horrek daukan aberastasun handia eta berriro ere erosten, edo gure baserriekin eta gure Amalurrarekin, naturarekin, erlazionatzen hasi behar dugu.

-Zein produktu eskaintzen dizkiezue haurrei?

Denetatik dago. Gozo gauzekin hasiko gara, tontorrean egongo zirenak, punta puntan: eztia, bertako eztia; esnea eta jogurtak, hauek ere ingurukoak eta jogurtaren kasuan astean bi aldiz postrean hartzen dute; eta postrearekin jarraituz momentuko frutekin gabiltza orain, bertan ditugunak dira sagarra, madaria… eta kiwiak hemendik gutxira egongo dira: sagarra freskoa, konpotak, kremak… Barazkien kasuan erregina edo erraz jaten dutena porruak eta patatak dira. Kremak ere prestatzen ditugu, kolorearekin asko jolasten dut. Kolore laranja adibidez oso inportantea da emozioendako, hauek elikadurarekin asko lantzen dira, pozarekin, pozik bizitzearekin: azenario kremak edo kalabaza kremak. Kalabaza ugari daukagu eta oso ontzi onean dator bera, gainera irauten duen barazki bat da; beraz, neguan zehar barazki krema asko hartuko ditugu. Zopak ere hartuko ditugu, gure oilaskoarekin edo okelarekin egindakoak. Okela ere bertakoa daukagu, inguruko okelarekin lan egiten dugu, eta arraiaren kasuan enpresa batekin gaude harremanetan. Nik egiten dudana da ekoizleekin kontaktatu uztan zer egongo den jakiteko eta horren arabera moldatzen dut menua.

-Janariarekin emozioak landu?

Bai. Janariarekin emozioak lantzen dira eta koloreak eta konbinazioak oso inportanteak dira. Ume txikiak ditugu hemen eta lanketak desberdinak dira baino kontuak hartzeko gauzak. Lasaitasuna, jantokian dagoen giroa, nola esertzen garen, nola dauden denak mahai batean, non gaude, inguruan daukagun zuhaitzak, berdea, zarata… Dena energia bat da. Ni hemen Aitor Mujika sukaldariarekin nago elkarlanean lan guzti hau moldatzen, baina protagonistak Bertatik Bertara proiektuan dauden baserritarrak eta haurrak dira.

-Aspaldiko ohituretara bueltatzen gara, orduan.

Modu batean bai. Azken finean lehen nola jaten zen gogorarazi eta berriro ere horretara bueltatzea da. Adibidez, askotan jaten dugu barazki krema bat lehenengo eta gero lekale bat, esaterako krema eta gero babilla. Konbinazio horiek betidanik egon dira, baina azken 40-35 urte inguruan galtzen hasi gara.

Utzi iruzkina